| 2009/09/16 - Alonsotegi udalerriko ur beltzak batu eta Galindoko araztegira eramaten dituen Cadaguako intertzeptagailuaren eraikitze-obrekin 2007an bukatu zuen Bizkaiko Ur Partzuergoak. Ordutik hona, jabeen erkidegoak horretara konektatzen hasi ziren eta egun hirigune historikoko etxebizitzen % 90ek lotura eginda dute. Udalerriko industriei dagokienez, garrantzitsuenetariko biek (Arkema Química S.A. eta ThyssenKrupp Blistein Iberica, S.L.U.) hasieratik dute kolektorearekin lotura eginda. Bestalde, Kadagua eta Alonsotegi Elkartegia izeneko industrialde biek, sareen antzinakotasuna dela eta, kolektorearekin bat egiteko, isuriak ekiditeko, eta ondorioz, egoera legeztatzeko zenbait jarduera gauzatu behar dituzte. Zentzu horretan, azken hilabeteotan udal teknikariak Partzuergokoekin lankidetzan ari dira, dauden sareei buruzko informazioa batu, eta, alde batetik, Udalak eta Partzuergoak, eta bestetik, enpresek egin beharreko ekintzak mugatzeko. Zehaztapen batzuk falta badira ere, gauzatuko dugun ekintza-plana hauxe da: 1. Elkartegia eta Kadagua industrialdeko lursailetako administrarien eta Ur Partzuergoko eta udal teknikarien arteko bilkura. Horretan jakinaraziko da industrialde bietako jabeen erkidegoei SAREEN IKERKETA BATERATUA eskatuko zaiela Udalak ezarritako epean, euri-uren eta ur beltzen isurien egoera aztertzeko. 2. Sareen ikerketa egin eta eman ondoren, oraindik hodi biltzailearekin zein enpresa ez dagoen konektatuta aztertuko dute Partzuergoak eta Udalak. 3. Hargunea egin ez duten enpresek egun dagoen sarearekin lotura EGIN BEHARKO DUTE, beharrezkoak diren metodoen bitartez (ohiko konexioa, koten gabeziagatiko ponpaketa, etab.) eta beharrezkoak diren egitasmoen aurkezpenen bitartez. Hori guztia Udalak egoki iritzitako epean egingo da. 4. Epe hori bukatutakoan loturak egin izan ez balira, enpresa horiei ZEHAPENA ezarriko litzaieke behin eta berriro, hargunea egin arte. Gauzatu beharreko ikerketa eta lanen zailtasunarengatik, baliteke prozesu honek guztiak urtebete baino gehiago irautea. ... |