Meategi eta korten ibilbidea:
Ibilbide bitxia da benetan, eta, bertan, ibiltariak osteratxoa egin dezake Ganekogorta mendiko magaletan zehar. Meategi zaharrak, milaka urteko harriak, iturri mitikoak eta baso-sail berriak paisaiaren iraganaren eta orainaren adierazgarri dira.
Ibilbidea udaletxean hasten da. Bertatik, Azordoiagara garamatzan errepidea ateratzen da. Auzoko honetan, San Joan baselizaren alboan, mendi-bidea hartuko dugu, eta gure gidaria izango da ibilbide osoan zehar. Mendian gora, Azordoiaga errekaren parean ibiliko gara, harik eta lehenengo bidegurutzera iritsi arte. Bertan, Artiba auzora doan bidegurutzea dago. Bidegurutzetik hurbil, baina jendearen joan-etorrietatik at, Mentetxu meategia dago. Lurpeko leizea zoragarria da benetan. Pistak mendi-bideak pinudiak eta gurbizti txikiak zeharkatzen ditu, harik eta Ordaolako nekazalturismora heldu arte.
Berriro ere, gora egingo dugu, harik eta mendi-bideak, bi bihurgune itxiren ostean, malda leundu eta bide lau batek mendi magal osoa zeharkatzen duen arte. Gune horretatik aurrera, ikuspegi eder ugariz gozatuko dugu. Horra hor paisaian dauden eraketa biribilak, kortabasoak, alegia. Artzaintzaren iraganeko aztarnak dira. Ondoren, mendi-bideak sigi-saga egiten du, malda ahalik eta ahalegin txikienaz saihesteko. Aldi berean, hainbat gauza interesgarriak ikusi ditzakegu (meategiak, elur-zuloak, iturriak...) eta mendi-gailur ospetsuetara igo gaitezke; Pagasarrira edo Ganekogortara, esate baterako.
Osteratxo luzea bezain laua egin ondoren, mendi bideak beherantz egiten du, eta, laster, bide nagusia albo batera utzi behar dugula adierazten digu seinaleak. Orduan, bigarren mailako beste mendi-bide batetik sigi-saga jaitsiko gara, harik eta Rosinategi zonaldeko Fuente del Oro izeneko jolasgune txikira iritsi arte. Magal honetan, Gongeda errekako bi ertzetan, pinuak, gaztainondoak, haritzak... landatu dituzten arren, ibaiertzeko basoak bere horretan utzi dituzte, gero eta eskasagoa den ekosistema mota kontserbatu nahian. Pasealeku ederrean zehar, Azordoiaga auzoraino jaitsiko gara, bertatik ibilbidearen abiapuntura itzultzeko.
Gune interesgarriak: San Joan (b), Mentetxu meategia, Ordaolako gurbiztia, Olasoko jaunen kortabasoa eta haustarria, baso-sailak, Gongeda errekako haltzadiak, Fuente del Oro jolasgunea.
Lotuneak eta beste gune interesgarri batzuk: Artibako urtegia eta auzoa, Artibako kortabasoko haustarria, Tarinaren iturria, Pagasarriko eta Ganekogortako elur-zuloak, ikusmira Ganekogortatik, Zamaiako meatzaritza-ingurunea, basozainaren etxea, El Somo auzoa eta San Martin (b).

Haitz Zurien ibilbidea:
Ibilbideak bide zaharrak zeharkatzen ditu, harik eta Sasiburu mendikatera iritsi arte. Bertan, Cadaguako, Mespelerreka eta Ibaizabal-Nerbioiko bailaren ikuspegi zoragarriez gozatuko dugu.
Ibilbidea Irauregi auzoko San Antolin plazan hasten da, izen bereko baselizaren alboan, hain zuzen ere. Auzo-bideak Bilbo-Balmaseda lineako trenbidea zeharkatzen du, eta Sasia auzora garamatza. Bertan, mendi-bidea hartuko dugu, Zamundi auzoraino eramango gaituena. Hasieran laua bada ere, malda handiko bidea izango da laster, eta, bertatik, Alonsotegiko landazabaleko paisaia miretsiko dugu. Aurrez aurre, kareharrizko bizkar malkartsua agertuko zaigu, eta Zamundi meatzari-auzo zaharrera iristen ari garela adieraziko digu. Auzo txikia da, eta, bertan, baseliza, jolasgune txikia eta etxe gutxi batzuk baino ez daude. Hala ere, urtero-urtero, maiatzaren 22an, Santa Kiteria egunean, bertako lasaitasuna desagertu egiten da. Seinaleak Zamunditik abiatu eta Peñas Blancaserantz doan mendi-ibilbide harritsuaren berri emango digu. Bidean, aztarna ugari daude, duela zenbait hamarkada inguruan garatutako meatzaritzaren erakusgarri. Meatze-ahoak, hondakindegiak, eraketa karstiko bitxiak... Peñas Blancasko ingurunearen osagaiak dira. Masa harkaiztsu handiaren ostean, larreak agertuko dira laster. Bertan, Sasiburura (459 m) igotzeko bideari ekingo diogu.
Bailara ugarien ikusmira zoragarriaz gozatzeko, atseden hartuko dugu inguru horretan. Mendikateko gailurrean zehar, aurrera egingo dugu, harik eta Arroletzara (454 m) edo Santa Ageda Tontorrera iritsi arte. Gune horretan, gainera, Barakaldoko udalerriarekiko muga dago. Urtero-urtero, otsailaren 5ean, santaren egunean, Barakaldoko Santa Ageda auzotik igotzen dira bertora. Auzo horretara iristeko, seinaleak dituen ohiko bidexka hartuko dugu. Ondoren, Urgozorako bidean zehar jaitsiko gara Santa Agedako galtzadaraino. Harrizko bidean zehar zenbait metro ibili ostean, lehenengo bihurgunean utziko dugu, eta Alonsotegiko biztanleek erromeriara joateko erabiltzen zuten bidexka hartuko dugu. Bidexka hori, hain zuzen ere, asfaltatutako mendi-bidean amaitzen da, eta, eukaliptoen artean, mendi-bideak Alonsotegira eramango gaitu.
Gune interesgarriaks: Irauregiko San Antolin (b), landazabala, Zamundiko jolasgunea, Santa Kiteria (b), Peñas Blancas, Sasiburu mendikatea, ikuspegi panoramikoak eta Santa Ageda auzoa, baseliza eta galtzada.
Lotuneak eta beste gune interesgarri batzuk: Mendierrekarako, Apukorako (561 m) eta Eretzarako (880 m) sarbideak, Larrazabalgo basoa, Deabruaren zubia eta Kadagua ibaia.

Bisitatzeko lekuak:
Alonsotegiko garapena trenari eta bestelako komunikabide batzuei zor diegu hein handi batean. Antzinako errege-galtzaren ordez, XIX. mendean, La Venta de La Cruz izenekoa eraiki zen, bertan ostatu eta korta zerbitzuak eskaintzen ziren. Hortik oso hurbil, Arbuio auzoan, eraikuntza neoklasikoa aurkituko dugu: Aldanondo etxea. XIX. mende amaieran, inguruan arrakasta handia lortu zuten meategiek eta industriak oro har. Hori dela eta, hainbat eraikuntza eklektiko eta suspergarri altxatu ziren. Horien artean neovasco izenez ezagutzen den eraikuntza batzuk ikusi ahal izango ditugu: Barrenkalea 2, Rica anaien etxea (Arbuio),... Era berean, Barrenkaleko langileen etxeak ere nabarmentzekoak dira euskal eta ingeles estiloaren artekoak baitira. Etxe horiek Faustino Basterrak diseinatu zituen 1935. urtean.
Etxe merkeak izena hartu zuten eraikuntza horiek, eta Bizkaian eraiki ziren azkenetarikoak izan ziren. 1911. urtetik hasi ziren eraikitzen, eta guztira 40 talde eraiki ziren. Eraikuntza mota horren atzetik, “Nork bere etxea izateko” filosofia zegoen. Etxe horiek kooperatiba erregimena izaten zuten, eta bertoko industriaren batetik oso hurbil eraiki ohi ziren. Oro har, ilaran eraikitzen ziren eta familia birentzako lau unitate izaten ziren. Beste eraikuntza batzuek ez bezala, monumentu izaera dute: isuri biko estalpe nabarmena, etxe bietara sartzeko erdialdeko ataria (arku formaduna),… azken horrek gogora ekartzen digu euskal baserriaren egitura.
El Somo udal aterpea:
El somo auzoa. [+ info]. 
San Martin baseliza:
San Martin baseliza Somo izeneko auzoan dago kokatua: San Martin auzoan, Zamaia mendiaren magalean, Ganekogorta mendiaren iparraldean hain zuzen. Baseliza 1909. urtean eraiki zen. Oinplano angeluzuzena du, eta murruek harlangaitz-horma luzitua dute. Harlanduzko paretek harrizko errefortzua dute izkinetan. Bi isurkiko estalkia ere badu. Kanpai-hormak baogune bakarra du. Horrez gain, kol-kanpaia eta teilatutxoa ere baditu, eta hori harrizko gurutzeaz dago erremataturik. Barrualdera sartzeko erdi-puntuko arkua dago. Arkuak hari moldura du. Era berean, erdi-puntuko bi baogune ere zabaltzen dira Epistolaren eta Ebanjelioaren alde bietan.

Santa Kiteria baseliza:
Santa Kiteria baseliza. Baseliza 1914. urtean eraiki zen Zamundin. Oinplano angeluzuzena du. Murruek harlangaitz-horma zuritua dute, eta izkinak harlanduzkoak dira. Albo bietan horma-bular txiki bi ditu. Bi isurkiko estalkia ere badu. Kanpai-hormak baogune bakarra du, eta burdinazko gurutzeaz erremataturik dago. Ateak erdi-puntuko arkua du. Leiho bik erdi-puntuko arkua dute, albo banatan. Atearen goialdean, leiho biribila dago. Eta barrualdeko zoladura egurrezkoa da.

Gidako Ama birjina eliza:
Gidako Ama birjina eliza. Arbuio auzoan eraiki zen 1933. urtean. Oinplano angeluzuzena du, eta burua zuzena du. Teilatu-gailurreko estalkia du. Elizpea itsua da eta Ebanjelioaren aldeari atxikita dago. Sakristia presbiterioari atxikita dago, eta abside txiki bat osatzen du barrualdean. Murruak zarpiaturik daude. Izkinak harlanduaren modukoak dira, eta ez du kanpai-hormarik. Kanpaia fatxada nagusiaren baogune batean dago kokaturik. Azala burdin forjatuzko gurutzearekin dago errematatua. Ate bi ditu, eta fatxada nagusian arku baten antza hartzen du. Ate bietako batetik portikora sartu ahal da.

San Bartolome eliza:
San Bartolome eliza. XX. mendearen hasieran San Bartolome eliza bikaina eraiki zen. Estilo neogotikoa du, baina Italiako garaiko erroak ere baditu. Elementu klasizistekin (pinakuluak) batera, barrokoak ere (kanpai-horma) agertzen dira.

San Antolin baseliza:
San Antolin bazeliza XV. mendearen amaieran edo XVI. mendearen hasieran eraiki zuten Fr. Martín de Coscojales historialari ospetsuaren aitaren aldetiko aitona-amonen, eta, agiri batzuen arabera, baseliza horretan bataiatu zuten. XIX. mendearen amaieran baseliza erortzeko zorian zegoen eta 1906. urtean, Sabina Larreak dirua jarri zuen zaharberritzeko. Obren aurrekontua 7.075 pezetakoa izan zen. Bizkaia osoan jatorriko erretaula gordetzen duen baseliza bakarra da eta zalantzarik gabe, Alonsotegiko historia eta artearen ondarerik garrantzitsuena. XVI. mendeko erretaula romanista edo errenazentista da, diseinu ederrekoa. Dohaintza-emaileen, Jesus Berbiztuaren eta Pietatearen (atikoan dago, oso interesgarria) behe-erliebeak ditu eta patronatuaren armarri bi, hain zuzen, Castaños, Soberron, Montaño eta Castillo abizenenak; Juan Ramon Iturrízarren arabera, baselizaren sortzaileen armarriak dira. Behe-erliebe eta atikoko Kristo Gurutziltzatuaz gain, erretaulak hiru tailla ditu: Ama Birjina haurtxoaz, gehiegi zaharberrituta (gotikoa); San Antolin egur polikromatuan, XVII. mende hasierakoa eta Gordexolatik ekarria eta azkenik, XVI. mendeko Goikolegeako (Larrabetzu) beste santu bat (baliteke Job edo San Roke izatea). Jatorrian, hiru irudi horietako bat ere ez zen erretaulakoa eta inork ez daki non dauden erretaularen irudi garaikideak.
San Antolin baseliza. Erretaularen behealdean panel bi daude eta beraietan baselizaren sortzaileen irudiak ageri dira taillatuta: eskuinaldean, Anton Perez de Coscojales eta ezkerrean, Elvira Jiménez de la Rentería, biak garai hartako jantziak dituztela. Zutabe jonikoak dira. 1996. urtean erretaula hori desagertzeko zorian zegoen eta horregatik, zaharberritzeko lanak oso finak izan dira. Era berean, erretaularen hondoko horma margotu eta zarpiatu eta presbiterioan argi egokiak jarri behar izan dituzte. Lan horiek 1997ko abenduan amaitu ziren.

|